XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lehenbiziko gauza: Shane eta ama lagun egin ziren.

Hiri handietan ikusitako emakumeen berri kontatzeko eskatu zion amak Shaneri.

Nolako jantziak eta nolako kapelak eramaten zituzten jakin nahi zuen.

Eta dena kontatu zion Shanek.

Izan ere, lehen esan dudan bezala, erne bizi zen gizon hura, eta den-denaz konturatzen zen.

Ikusitakoa ondo gordetzen zuen gogoan, gainera.

Lasai eserita, hiri handietako moden berri eman zion amari.

Hiri handietako emakumeek hegal zabaleko kapelak eramaten zituztela esan zion.

Kapela gainean loreak ipintzen zituztela.

Hegaletan zulo batzuk egiten omen zituzten, handik zapi bat pasatzeko.

Zapi hori kokotsaren azpian lotzen omen zuten.

Niri barregarri iruditu zitzaidan gizon bat horrela aritzea emakumeen modei buruz.

Baina aita ere han zegoen eta, berari gauza normala iruditzen zitzaiola ematen zuen.

Ez dut uste, halere, kasu handiegirik egiten zionik.

Nahiago zuen abereez, belarraz eta baserriko kontuez hitzegitea.

Ulertzen zuen, ordea, gauza ona zela amarentzat Shanerekin kapelez eta horrelakoez hitzegitea.

Horrela ematen zuen, behintzat.

Izan ere, gutxitan izaten zuen amak horrelako gauzez hitzegiteko aukera.

Aurrera jarraitu zuen Shanek, amari emakumeen jantzi eta kapelen moden berri ematen.

Eta ama oso pozik zegoen.

Ordurako, gainera, ez zuen inolako dudarik Shaneri buruz.

Gizon misteriotsua izango zen beharbada Shane, baita beldurgarria ere agian, baina amak hartua zuen erabakia: gustatzen zitzaion gizon hura.

Beste gauza bat ere gertatu zen gero: Ledyard etorri zen.

Baserriz baserri zebilen saltzailea zen Ledyard hori eta bi hilabetean behin agertzen zen, herriko dendetan aurkitu ezin ziren gauzak saltzera.

Gurdi batean eramaten zituen gauza horiek.

Mandatuak ere hartzen zituen, hurrengoan ekartzeko.

Ahal zuen garestien saltzen zituen gauzak eta baserritarrak engainatu nahian ibiltzen zen beti.